Chillida Lekuko obrak
Museoko bildumako lanen aukeraketa
Lo profundo es el aire
[Sakona airea da]
Obra horren izena 27ko belaunaldiko Jorge Guillén valladolidtar poetaren poema batetik dator. Bi egileek 1971n ezagutu zuten elkar, Harvard unibertsitatean, eta lagunak egin ziren. Zenbait urte geroago, Chillidak omenaldi bat egin nahi izan zion, eta poetaren obra irakurtzen ari zela, bertso-lerro hau topatu zuen: «Haratago, sakona airea da». Hura izan zen bi artisten lotura. Multzo hau poetari mirespena erakusteko sortu zuen: «Jorge Guilléni omenaldia egin nionean, bere obra osoa irakurri nuen lehendabizi, kontzeptu komun baten bila, biok leku berean geunden eremu baten bila. Cántico lanean aurkitu nuen elementu komun hori. Poemaren zati batean, “Lo profundo es el aire” [Sakona airea da] dio poetak; kontzeptu perfektua niretzat».
Multzoaren eskultura guztiak Fuerteventurako Tindaya mendian egiteke geratu zitzaion proiekturako ikertzeko balio izan zioten. Abiapuntua 1984an alabastroz egin zuen lehen eskultura bat izan zen, Mendi huts izenekoa: «Duela urte batzuk intuizio bat izan nuen, eta utopikoa iruditu zitzaidan». Mendi baten barnean gune bat sortzea, arraza eta kolore guztietako gizakientzat, tolerantziarako eskultura handi bat. Egun batean, Fuerteventurako Tindaya mendian eskultura bat sortzeko aukera suertatu zitzaidan, nire utopia egiazko bihurtu zitekeen leku hartan. Eskulturak mendi sakratua babesten lagunduko zuen. Haren barnean sortuko zen gune handia ez zen ikusiko kanpotik, baina haren bihotzean sartuko ziren gizakiek eguzkiaren eta ilargiaren argia ikusiko zuten, itsasora eta horizonte eskuraezin, beharrezko eta hutsalera iraulitako mendi baten barnean...».
Lotura XXXII
Altzairuzko eskultura kolosal hori, 64 tona baino gehiago dituena, Reinosako burdinola industrialean forjatu zen, Kantabrian. Eduardo Chillidak galdategia baino lehen aukeratu zuen burdinola bi prozesuak erabat desberdinak direlako. Chillidak ez zuen ez moldeekin ez galdatutako metalarekin lan egiten bere obretan. Burdina forjatzea burdinarekin borrokatzea da. Eta aldez aurretik berotu diren zatiak baino ezin dira landu. Forjaren bitartez, Chillidak burdina bortxatzen zuen, baina askatasunez mintzatu zitekeen, materia kurbetan modu naturalean heda eta uzkurtu zedin. Chillidak bere obretan erabiltzen zuen altzairua Corten altzairua zen; mota horretako altzairuaren gainazaleko geruzak kobre askoko aleazioa du, eta kanpoaldetik babesteko balio dio, antioxidatzaile gisa. Chillidak ez zuen obra amaitutzat jotzen lehenengo herdoil-azala askatzen zen arte; lehen herdoil-azal hura izugarri laranja zen. Museoan altzairu-tonu asko ikus daitezke eskulturetan. Zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta urte gehiago ditu piezak. Lotura, altzairuzko bi pieza trinkoz osatuta dago. Goiko piezak multzoaren forma bereizgarria du. Bloke beretik irteten diren lau beso korapilatu dira. Beheko piezan mihiztatuta dago goikoa.
Buscando la luz I
[Argiaren bila I]
22 tonako pieza monumental hori egitea oso zaila izan zen, teknikari dagokionez. Altzairuzko hiru xafla desberdinez osatuta dago obra; xaflak erabat asimetrikoak dira eta errematxez lotuta daude. Inguratuz gero, bi optika zeharo desberdin lortzen ditugu: betearen eta hutsaren kontrajartzea. Atzealdetik, zerurantz harrotasunez altxatzen den pieza trinko bat ikusten da. Aurrealdetik, berriz, irekidura bat ikusten da, espazioa, hutsa. Espazioak, Chillidaren ustez, irisgarria izan behar zuen. Ikuslea eskulturaren barnean dagoenean, formek, olatuen antzekoak, mugimendua hartzen dutela ematen du, begirada gorantz zuzentzen dute, argiari heldu nahian, nola fisikoki hala poetikoki eta espiritualki.
De música III
[Musikaz III]
Chillidaren bizitzan, musikak etengabeko presentzia izan zuen. Contrapunto [Kontrapuntua], Música de las esferas [Esferen musika], Música callada [Musika isila] edota De música [Musikaz] dira harmonia, erritmo eta soinuarekiko harremana agerian uzten duten izenetako zenbaitzuk. Zehazki, De Música [Musikaz] multzoko eskulturak San Agustinen testu baten irakurketan inspiratuta daude; testu hartan, filosofoak musikari eta musikaren berezitasun metrikoei buruz hitz egiten du, jainkotasunarekin komunikatzeko bitarteko gisa.
Chillidak beneratzen zituen konpositoreetako bat Vivaldi zen (izan ere, bi omenaldi egin zizkion), eta beste bat, Mozart; bere galdera infinituetako bat eskaini zion Mozarti: «Zergatik konposatzen du Mozartek bere musikaren gehiena mugimendu bizkorrekin? Beharbada, denborarik geratzen ez zitzaiola susmatzen zuelako, bere obran ez zirela adagio gehiegi sartzen». Halere, Bach-engatik sentitu zuen mirespen handiena; izan ere, Chillidaren pentsamenduan eta sorkuntzan toki pribilegiatua zuen konpositore hark.
Eskultura hori Bonn hiriko katedralaren plazan ipini behar zen hasiera batean. Azkenean, eta proiektuko zenbait aldaketa zirela eta, Chillidak beste obra bat egin zuen Bonn hirirako, eta De Música III [Musikaz III] museoan geratu zen. Katedralaren plantan inspiratuta dago eskulturaren forma, eta zirkuluerdiek absideak gogorarazten dizkigute estetikoki.
Consejo al espacio IV
[Aholkua espazioari IV]
«Espaziotik, eta bere anaia denbora ere hor dagoela, grabitate tematiaren azpian, eta materia motelagoa den espazio gisa sentitzen dudala, neure buruari harriduraz galdetzen diot zer ez dakidan. Ezagutzeko egiten dut lan, eta balio handiagoa ematen diot ezagutzeari ezagutzari baino. Uste dut egiten ez dakidana egiten saiatu behar dudala, ikusten ez dudana ikusten, ezagutzen ez dudana ezagutzen, ezezaguna identifikatzen. Prozesu horietan, sormenezko zientziaren prozesuen antzekoak diren horietan, zailtasun handiak daude».
Chillidaren obra osoa materiaren eta espazioaren arteko dialektikak markatzen du. Horixe izan zen artistaren kezka handienetako bat. Betearen eta hutsaren arteko elkarrizketa interesatzen zitzaion, baina elkarrizketa horrek materia trinkoarekin baino ez du funtzionatzen: hutsa izango balitz, espazio ezkutu eta helezina izango luke barnean, eta tranpa baten baliokidea izango litzateke hori, artistaren ustez. Espazioak agerikoa eta irisgarria izan behar du. Eskultoreak espirituarentzat habitagarriak ziren espazioak sortzen zituen, obrarekin eta norberarekin topatzeko lekuak.
Arco de la libertad
[Askatasunaren arkua]
Chillidak garrantzi handia ematen zion eskulturak izango zuen kokalekuari, eta horren adibide argia dugu Arco de la libertad [Askatasunaren arkua]. Arco de la libertad [Askatasunaren arkua] Paris hiriak artistari egin zion enkargu bat da, hirigunetik gertuko plaza batean ipintzeko. Ingurunea oinezkoentzat bihurtzea ere hartzen zuen barne proiektuak. Ideia erakargarria iruditu zitzaion Chillidari, eta eskultura lantzeari ekin zion. Jada amaituta zegoenean, adierazi zioten plaza azkenean ez zela itxiko ibilgailuen zirkulaziora. Kondizio berriak ikusirik, pieza ez bidaltzea erabaki zuen, eta eskultura bere museoan utzi zuen, leku estrategiko batean instalatuta. Duen kokapena dela eta, Arco de la libertad [Askatasunaren arkua] obrak landen eta basoaren arteko muga markatzen du; halaber, baserria influentzia ingeleseko etxearekin komunikatzen duen zumardi baten hasiera seinalatzen du.
Chillidaren eskulturek karga etiko handia dute, eta agerian uzten dute giza eskubideen errespetuak kezka sortzen ziola artistari. Lengoaia erabat abstraktu baten bidez, munduko gizon eta emakumeei dagozkien balio unibertsalen –hala nola bake, tolerantzia, senidetasun edo askatasunaren– babesak artegatasuna sortzen ziola erakusten digu eskultoreak. Obra horrekin (zerurantz irekitako arku bat), askatasunaren kontzeptua lengoaia plastikora itzultzen du; horrela, kontzeptu hori gorputzarekin bizi daiteke, eta dimentsio filosofiko baten bitartez heltzea proposatzen digu artistak.
Homenaje a Balenciaga
[Balenciagaren omenez]
Omenaldiek oso presentzia handia izan dute beti Chillidaren ibilbide artistikoan. Artistak beretzat bereziki garrantzitsuak izan ziren pertsona ospetsuei dedikatutako ehun obratik gora sortu zituen: artistak, idazleak, musikariak, poetak, filosofoak, etab. Museoan gabiltzala, George Braque-ri, Jorge Guillén-i, Luca Pacioli-ri eta Fleming-i dedikatutako obrak ikusiko ditugu, baita Cristóbal Balenciaga diseinatzaileari eskainitako eskultura bat ere.
Txikitatik ezagutzen zuen Chillidak Balenciaga. Bi artisten lokarri komuna Chillidaren amaren aldeko amona izan zen, Juana Eguren andrea. Chillidaren amonak bi hotel zituen Donostian, eta Balenciagak maiz egiten zion bisita ohiz kanpoko emakume hari, modaren munduko pertsona garrantzitsuek lagunduta. Getaria uzteko une erabakigarrian, amona Juanak asko lagundu zion jostunari. Eguren andreak animatu zuen Balenciaga, hain zuzen ere, Parisera joatera, bere bokazioa gara zezan. Zenbait urte geroago, titareen maisu apal, sentikor eta adimentsu haren lagun egin zen Chillida. Obra horrek dotoretasunak diseinatzailearen modelo onenak gogorarazten dizkigu. Altzairuzko bi piezek espazio bat sortzen dute barnean, eta blokeen artean azaltzen ari den emakume-silueta bat iradokitzen digu espazio horrek.