Lew Tabackin Quartet - 60 Jazzaldia

 

 

 

  • Ekitaldiak

Lew Tabackin Quartet
Lew Tabackin (saxo tenorra, flauta), Oliver Kent (pianoa), Philip Aerts (kontrabaxua), Mourad Benhammou (bateria)

 

 

Lew Tabackin, flauta eta saxofoi tenorra, ikuspegi miragarria duen artista da. Bizkorgarria eta grinatsua da flauta jotzen duen moduan, eta birtuosoa, funtsezkoa eta transkulturala aldi berean. Saxo tenorraren bere estilo bereizgarriak tarte zabalak, bat-bateko umore eta tempo aldaketa, eta suhartasun irmoa ditu ezaugarri, hori guztia instrumentuaren aukera guztiak erakutsita. Iraganeko Jazzaren figura handiak kopiatu eta emulatu gabe, Tabackinek haien elementuak bereganatu ditu bere estiloan, azken batean bere soinu propioa sortzeko.

 

Musikarako zaletasuna bere jaioterri Filadelfian sortu zitzaion. Hala, han ikasi zituen lehenengo flauta eta gero saxofoi tenorra institutuan. Filadelfiako Musika Kontserbatorioan flautan espezializatu zen eta Vincent Persichetti konpositorearekin ikasi zuen. 1965ean, Tabackin New Jerseyra joan zen bizitzera eta, ondoren, New Yorkera. Han, Tal Farlow eta Don Friedmanekin jo zuen lehenik eta geroago banda handietan, lider zituztenak Cab Calloway, Les eta Larry Elgart, Maynard Ferguson, Joe Henderson, Chuck Israels, Thad Jones eta Mel Lewis, Clark Terry eta Duke Pearson. 1960ko hamarkadaren amaieran, Tabackinek hirukote bat zuzendu zuen, eta talde txikiagoetan jo zuen Donald Byrd, Roland Hanna, Elvin Jones eta Attila Zollerrekin. Hasierako urte haietan Doc Severinsenekin eta Dick Cavetten telebista-programaren estudioko bandarekin ere jardun zuen lanean. Europan bakarlari gisa aritu zen, besteak beste, Danimarkako Irratiko Orkestrarekin eta Hanburgoko Jazz Tailerrarekin.

 

1968an Toshiko Akiyoshi ezagutu zuen, biek elkarrekin laukote batean jotzen zutenean. Denborarekin ezkondu eta Los Angelesa joan ziren bizitzera. Han, Toshiko Akiyoshi Jazz Orchestra big band saritua osatu zuten. Los Angelesko egonaldian Shelley Mannerekin ere jo zuen, baita hirukote propioetan ere, Billy Higgins, John Heard eta Charlie Hadenekin osatuak. Urte haietan sarritan egin zituen birak Japoniatik bere emazte Akiyoshirekin eta bere orkestrarekin, eta bere hirukotearekin ꟷJoey Baron baterian eta Michael Moore baxuan ꟷ.

 

1980ko hamarkadan egin zen ospetsua flautista gisa, DownBeat-eko kritikarien eta irakurleen inkestak irabazita. 1982an, Tabackin eta Akiyoshi New Yorkera joan ziren bizitzera, eta Manhattango Jazz eszenara bueltatu zen horrela. Harrezkero, saxo tenorraren eta flautaren artista nagusien artean kokatu da, bai zuzeneko kontzertuetan, bai grabazioetan.

 

 

Aipatutako artista guztiez gain, Hank Jones, Dave Holland, Victor Lewis, Benny Green, Peter Washington, Lewis Nash, George Weinen Newport All-Star Band, New York Jazz Giants, Carnegie Hall Jazz Band... bezalako musikari eta taldeekin aritua da Tabackin.

 

Munduan zehar jarraitzen du bakarlari gisa, klubetan eta Jazzaldietan jotzen bere taldeekin, baita bakarlari nagusi gisa ere Toshiko Akiyoshi Jazz Orchestrarekin.

 


Videos:
https://www.youtube.com/watch?v=jIrcF9m8uEg
https://www.youtube.com/watch?v=C0gstoL50z8
https://www.youtube.com/watch?v=UON2IIrUZhQ

Chillida Leku
Jauregi Bailara, 66, 
20120 Hernani, Gipuzkoa

 

60 Jazzaldia
Lew Tabackin Quartet


Uztailak 26, larunbata

19:30

Chillida Leku
Zabalaga baserriaren barruan