Peine del viento
Zabalaga baserriak Haizearen orrazia multzoari –artistaren multzo adierazgarrienetako bati– buruzko erakustaldi bat hartuko du.
- Erakusketak
Museoaren 5. aretoan multzoko 11 eskultura jarriko dira ikusgai (multzoa 23 obraz osatuta dago); multzoaren pieza garrantzitsuena Peine del viento XV [Haizearen orrazia XV] multzo monumentala da, Donostia hiriaren kanpoaldean kokaturiko monumentu publikoa, itsasoaren aitzinaldean, arrokek ostertza ukitzen duten lekuan. Eskultura multzo hori Chillidaren ibilbide artistiko osoan agertu izan da; izan ere, 1952an bere jardunbideko lehen Orrazia sortu zuen, eskultura bat horizontearen aurrean ipintzeko ametsa hezurmamitu nahian.
Gai berari buruzko multzoak egitea eta gai berbera errepikatzea barru-barruko elementua izan da artistaren lan-prozesuan, baina Haizearen orrazia bildumaren gaiak izan du presentzia handi eta iraunkorrena. Azken Orrazia 1999an sortu zuen artistak. Multzoak izan dituen aldaketa guztiak agerian geratzen dira erakusketan. Haizearen orrazia bere herriari omenaldia egiteko sortu zuen artistak, eta hiriaren sinbolo garrantzitsu bihurtu da, zalantzarik gabe. Altzairuzko hiru pieza horiek elementuei aurka egiten diete, inguruko naturarekin mintzatzen dira, eta toki bat zedarritzen dute: ezezagunera gerturatzeko leku bat eta, aldi berean, topaketarako eta elkarbizitzarako gune bat.