Tàpies Zabalagan

Zabalaga baserrian ekainaren 10etik aurrera artista katalanaren eskultura handiei buruzko erakusketa bisitatu ahal izango da.

  • Erakusketak

Ekainaren 10ean, Chillida Lekuk erakusketa-lerro berri bati ekingo dio, artista gonbidatuen programa, Chillidaren artista garaikide esanguratsuen obrak hartuko ditu ardatz. Proiektu berri hau “Tàpies Zabalagan” erakusketarekin hasiko da, Antoni Tàpies (1923 – 2012) sortzaile katalan bikainaren omenez; haren lanak, euskal eskultorearenak bezala, arrasto sakona utzi zuen arte moderno eta garaikidearen bilakaeran.

 

Erakusketa Zabalaga baserriaren goiko solairuan egongo da ikusgai. Formatu txiki eta handiko obrek osatuko dute, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetako eskulturek. Horrela, elkarrizketa zuzena izango dute Eduardo Chillidaren piezekin. Antoni Tàpies Fundazioaren eta Tàpies familiaren laguntza izango du erakusketak, baita zenbait bilduma pribaturen maileguak ere.

 

Artista katalana aukeratzeko arrazoia XX. mendeko bi arte-figura handi horien bizi-ibilbideetan dagoen paralelismo izugarria da. Antoni Tàpiesen eta Eduardo Chillidaren biografiek zenbait puntu komun dituzte, eta ibilbide paraleloak aurkezten dituzte, hainbat une historikotan eta sormenezkotan bat egiten dutenak.

 

Erakusketa osatzen duten eskulturen zati handi bat egiteko erabili zen materiala lur xamota da, bi artisten arteko lotura gisa jokatzen duena. 1981ean hasi zen Tàpies teknika horren ahalmenekin esperimentatzen Hans Spinner zeramikagilearen tailerrean. Garai hartan, artista katalanak hainbat gonbidapen jaso zituen zeramika lantzeko Aimé Maeght galeristaren tailerrean, Saint-Paul-de-Vencen (Frantzia). Eduardo Chillidak tailer honetako labeetan hasi zen material hori erabiltzen, eta Tàpies bultzatu zuen gonbidapena onartu eta lur xamotarekin lan egitera. Orduan hasi zen bere buztin egosien ekoizpena.

 

Paralelismo hauei esker, Tàpiesen eta Chillidaren arteko harremana ere sendotu egin zen maila teorikoan: materiarekiko tratuan eta hura espiritualtasunerako bide gisa zabaltzeko borondatean, filosofia eta poesia beren lanetan agertzean edo ekialdeko espiritualismoarekiko interesean. Horrek guztiak arte-lanaren ikuspegi humanista ematen du, bi artistek artearen gaitasun eraldatzailea azpimarratuz.

 

Lan hautaketak, horietako batzuk Antoni Tàpies fundaziotik kanpo ikusi ez direnak, agerian uzten du artistaren hizkuntza propioa eta bereizgarria, eta Zabalaga baserrira hurbiltzen den publikoak artista katalanaren ikonografia-errepertorioa ere aurkitu ahal izango du.

 

Erakusketa bisitatzeko, doako bisita gidatua izango da egunero, 16:00etan. Bisiten edukiera mugatua da eta lekua erreserbatu behar da.

Chillida Leku

Jauregi Bailara, 66

20120 Hernani, Gipuzkoa

Cómo llegar

IRAUPENA

2021KO URTARRILAREN 28TIK

2021KO EKAINAREN 10RA

Babeslea