Thomas J Price. Reaching Out. Obra gonbidatua

“Reaching Out” “Obra gonbidatuaren” programan erakusgai dagoen bigarren eskultura da, Chillida Lekun beste artista batzuen lana aurkezteko programaren barnean. Artistaren lana museoko zelaian maiatzaren 30 arte ikusi ahal izango da.

Reaching Out Thomas J. Price  artista britainiarraren bigarren eskultura da, eta subjektu femenino bat irudikatzen du. Londresko The Line bidean dago ikusgai Reaching Out lanaren 1. edizioa, eta Erresuma Batuko espazio publikoetan emakume beltz bat irudikatzen duen lan bakanetako bat da. Priceren obrak gogoeta egitera gonbidatzen du, dela pertsona beltzen ordezkagarritasunaren gainean, dela pertsona horiek eremu publikoan nahiz artearen historian duten tokiaren gainean. Eskultura sortzeko, artista ez da oinarritzen emakume jakin batean, baizik eta fikziozko pertsonaia bat eratzen du, zenbait erreferentziatatik abiaturik. Brontze urtua baliatzen du, artearen historian mende luzeetan erabilitako metala, tradizionalki estatusarekin eta boterearekin lotu izan dena.

 

Eskulturak emakume gazte bat irudikatzen du zutik, jarrera lasaian, bi eskuekin telefono mugikorrari eusten. Lan horren bidez, artistak isolamenduaren eta konektagarritasunaren arteko oreka aipatzen du, eta teknologiak gure bizitzak nola baldintzatzen dituen hausnartzera gonbidatzen gaitu. Konektagarritasun kontzeptua ez ezik, banakoaren eta gizartearen arteko harreman konplexuak ere irudikatzen ditu obrak. 

 

Egilea

Thomas J. Price Londresen bizi da, eta hantxe lan egiten du. Eskultura ikasi zuen Chelsea College of Art eta Royal College of Art ikastegietan. Priceren lanak hainbat eta hainbat tokitan izan dira ikusgai, eta nabarmentzekoak dira National Portrait Gallery (Londres, Erresuma Batua, 2016), Yorkshire Sculpture Park (West Bretton, Erresuma Batua, 2019) eta The Power Plant (Toronto, Kanada, 2019) aretoetan egindako erakusketa indibidualak. Haren obrak hainbat bilduma publiko eta pribatutan daude, Derwent London (Erresuma Batua), The Donum Estate (AEB) eta Rennie Collection (Kanada) bildumetan, kasu.