Erakusketa honek Eduardo Chillidaren
obraren interpretazio berri bat eskaintzen du, eta publikoaren eskura jartzen ditu oso ezagunak ez diren eta gutxitan erakutsi diren obra batzuk. Horietako batzuk, zehazki, lehen aldiz erakutsiko dira Chillida Lekun oraingoan. Leges naturae erakusketak naturak eta haren legeek eskultorearen lanean izan duten funtsezko rola erakusten du, artistaren lanaren sorburua eta inspirazio-iturri agorrezina izan baitziren.
Leges naturae
Izenburuak naturaren legeak esan nahi du latinez, eta erakusketarako hautatu diren kutsu zientifikoko marrazki batzuen ondoriozkoa da, latina baita biologian espezieak izendatzeko erabiltzen den hizkuntza. Landare eta animalien marrazkiak eta natura abstraktuaren trazuak eta, horiekin batera, artxiboko materiala –argazkiak, eskuizkribuak eta artistak bere estudioan gordetzen zituen fosilak eta mineralak–, Chillidari naturak pizten zion harriduraren berri emateko. Gainera, leku nabarmena hartzen du, gurutze moduan landutako harrizko eskulturak, naturaren eta Jainko sortzaile baten arteko loturaren adibide. Zabalaga baserriko 5. aretoan instalatuko da artistaren beste alderdi bat erakutsiko digun aldi baterako erakusketa hau. Zientzialariaren edo naturalistaren ikuspegitik gertuago dago, eta ezezagunaren aurreko harridura eta jakin-mina ditu ezaugarri. 1946 eta 1951 artean egin zituen landareen eta landare-elementuen marrazkietan artistari naturaren konplexutasunak eta naturak erakusten dituen formen ugaritasunak sorrarazten zioten harridura adierazten dute. Marrazki horiek agerian uzten dute naturaren formek jakin-mina eta miresmena eragiten zizkietela Chillidari. Gaiari heltzeko moduari dagokionez, naturalistaren lana dakarte gogora, naturaren mekanismoak deskribatzen ari dela ematen baitu. Marrazki horiek, oro har molde akademikokoak, ez dira teknika-ariketa hutsa. Badirudi horien bidez artistak arreta eman zioten naturako fenomenoak jaso nahi zituela, interes bizia pizten baitzion biologiak: «Nire garapen artistikorako ondorio baliagarri gehiago erdietsi ditut biologiari buruz irakurriz, adibidez, museoak bisitatuz baino. [...] Biologia da niri gehien interesatzen zaidan zientzia. Gainera, arrazoi bategatik: bizitzaren legeak jorratzen dituen zientzia delako eta, beraz, artistak ezin duelako maisu hoberik topatu, ezta sostengu hoberik ere» . Marrazkietako batzuk ikusita, argi geratzen da artistak arreta handiz aztertu zuela natura, eta aukera ematen dute landareez ikasteko, irudikatutako espezieak zeintzuk diren igartzen baita: Papaver rhoeas (mitxoleta), Viscum album (mihura) edo Hedera helix (huntza). Marrazki zehatzak dira, garbiak eta fintasun handikoak, eta horietan antzematen dira Chillidaren geroagoko lanetan iraungo duten zeinuak.